Michelle Carbajal

“Yo no quiero ser violada” mugimendua, Honduras

“Emakume alaia eta indarrez betea, iraultzaile bezain gaztea, errebeldea eta gizarte bortitz, matxista eta guztiz patriarkal honi aurre egiteko lotsagabekeria puntu batekin. Erabat lekuz kanpo dagoen pertsona indartsu, ausart eta ikaragarria dugu bera. Horrela segi!”

Michelle Carbajal <<Yo no quiero ser violada>> mugimenduko aktibista da, feminismo kultural ezberdinetan heziak diren emakumez osatua dagoena. Bortzaketa, sexu jazarpen, ukipen edota erailketen aurrean, emakumeen gorputzen ahalduntzearen alde eta indarkeria matxistaren aurka borrokan diraute.

Emakumeen oinarrizko eskubideak erasotzen dituen sistema patriarkalari aurre egiteko indarrak batzea guztiz beharrezkoa dela defendatzen dute. Batez ere, matxismoa, indarkeria eta emakumeenganako erasoak guztiz arrunt bilakatu diren testuinguru batean. Ikara eta isiltasunaren kulturaren aurrean, salaketa, antolakuntza eta emakumeen ahotsa ozen entzutea aldarrikatzen dute. Sexu terrorismoaren aurrean, beste bizi izaera desberdinak posibleak direla frogatzeko borrokatzen dute mugimendutik.

Honduraseko beste hainbat elkarte feministekin bat eginez, emakumeen ugaltze eta eskubide sexualen aldeko apustu tinkoa egin dute, baita euren gorputzen gaineko erabakitze eskubidearen alde ere.

Stacy Velásquez

OTRANS- Organización Trans Reinas de la Noche erakundea, Guatemala

“Stacy bizitzari emandako muxu bat da, indarrez bezain ezagutzaz beteriko emakumea, bere bizitasuna, bere bizi pozagatik. Zorionekoak guk zu entzuteko aukera izateagatik eta gure bazter txiki honetan zurekin bat egiteko aukera izanagatik. Guatemalako neska mutilen aldeko borroka nekaezina hain beharrezkoa da zure lur haietan, oraindik ere hain testuinguru bortitzak bizi dituena, non amorru bizia maitasun hutsa bilakatzeko ahalmena duzun zure lanari esker. Gure begiek aurkitu ziren Euskal Herri honetan oraindik ere zure aztarna sakonak ditu. Isiltasuna zapuzteko duzun apaltasuna eta indarra erabat miresten dugu.”

Stacy Velásquez Organización Trans Reinas de la Noche erakundeko bozeramailea da, 2004. urteaz geroztik Guatemalako trans emakumeen Giza Eskubideen alde lanean dirauena. Sexu lanean aritutako trans emakumeek sortua, punta-puntako erakundea da herrialdeko trans emakumeen lana antolatzeko orduan.

Trans emakumeen eta komunitate ezberdinen arteko lankidetza erraztea bideratzen dute, eraso transfobo eta arrazakeri krimenak dokumentatzen dituzte, eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrikapenak agenda publikoan ager daitezen lan egiten dute aktibismo politikotik abiatuta. Gaur egun, aldarrikapen nagusien artean, sexu identitate lege baten onarpena dago, trans pertsonek herritartasun osoa lor dezaten, osasun zerbitzu osoa eta bereiztua jasotzeko estrategia bat planifikatzea eta hezkuntza eta justizia zerbitzu orokorra izan dezaten ahalbidetzea.Stacy Red Latinoamericana y del Caribe de Personas Trans (REDLACTRANS) kolektiboko koordinatzaile nazionala da, 2006. urtean sortua eta gaur egun trans emakumez gidatutako 25 erakundeek osatzen dutena, haiek berak ordezka daitezela eta haien ahotsa entzuten dela ziurtatuz eta aldarrikatuz.

Sandra Morán

Politikari, musikari, LGBT eskubideen eta feminismoaren aldeko aktibista, Guatemala

Irma Vázquez

Centro de Derechos Humanos Fray Bartolomé de las Casas, Txiapas, Mexiko

“Irma sentipenen zaindaria da, gure gorputzek plazaratu nahi baina guk ez entzutearena egiten ditugun horiena, ezagutu bai baina maiz ahazten ditugunak, inoiz ez kaleratu edota onartu nahi ez ditugun horiek. Sentipenak aipatzean, Irma datorkigu burura. Azken egun hauetan, ahizpatasuna eta enpatia bat eginez besarkatu gaituena, gizaki egiten gaituen eta hain beroa den besarkada horietako bat, bere lurretik ekarritakoa hain zuzen.”

Irma Vázquez Fray Bartolomé de las Casas Giza Eskubideen Zentroan (FrayBa) abokatua da.

FrayBa Giza Eskubideen defentsan eta aldarrikapenean lanean diharduen erakundea da, Txiapaseko herri eta komunitate indigenen erabakitzeko prozesuen eskutik. 70 eta 80ko hamarkadetan emandako prozesu sozial eta eklesiastikoen testuinguru eta dinamiketan du oinarria, euren eskubideak aldarrikatzen zituzten mugimendu sozial eta komunitateen antolaketaren kontra, gobernuak martxan jarritako errepresio bortitzaren testuinguruan.

FrayBak Txiapasen bizi ohi diren komunitateen kontra bideratutako ekintzak miatzeaz arduratzen da, batez ere lurralde indigenen baitan ematen direnak. Giza Eskubideen urraketak jaso, dokumentatu eta salatzeaz arduratzen da. Epai kanpoko hilketak, tortura, epai kanpoko atxiloketak, desagerpenak, inposatutako lekualdatzeak, Giza Eskubideen defendatzaileen kontrako indarkeria eta lur eta herri originarioen lurralde eskubideen kontrako ekintzetan arreta berezia jarriz. Euren lana beste justizia ikuspuntu mota baten bilaketa eta sortzean sustatzen da, betiere egia, justizia eta errepikapen ezaren Memoria Historiko baten inguruan oinarrituz. Txiapasen konpontzeke dirauen gatazka armatuaren nondik norakoak jasotzen dituzte. FrayBak EZLNk aldarrikatutako Lakandona Ohianeko Seigarren Adierazpenan jasotako printzipio antisistemiko, antikapitalistak eta antihegemonikoak bereak egiten ditu, manifestu horretara atxikituta dagoen heinean. Horren baitan, BriCO-en (Brigadas Civiles de Observación) bitartez elkartasun prozesuak sustatzen ditu, arrisku egoeran bizi diren komunitateen prebentzio harresi gisa lanean dihardutenak.

Lolita Chávez

K’iché herrien kontseilua, Guatemala

“Emakume apala, zintzoa eta borrokalaria, bakea sorrarazteko ahalmena duen horietarikoa. Diskriminazioa eta indarkeria hain agerian ditugun gizarte honetan, eta berea ez den lur hauetan, bere hizkuntza, jantziak eta duen mundu ikuskera propioa egunerokotasunen erabiltzen ikusteak zoriontasunez pizten gaitu. Argi indarra da bera, borroka arima amaigabea, kemena eta inspirazioa gu denontzat.”

Maya lurraldean lur eta emakumeen eskubideen alde zaindari eta hezitzaile lana burutzen du. Guatemalako K´iche herriko Batzordeak bozeramaile nagusi hautatu zuen, lurraren defentsan lanean diharduten 87 komunitate eta hirigune ezberdinez osatutako kontseilu propioa.

Feminismo komunitarioan oinarritutako Sanadoras Ancestrales sareko kide eta hezitzailea da. Lolitak feminismo anitz baten alde egiten du, sexismo eta gizon eta emakumeen arteko botere harremanak kolokan jartzeko gai dena, baina baita kapitalismoa eta arrazakeria, non herri indigenen lurren ondasunen esplotazio eta ustiapena ematen ari den. Feminismo komunitario eta kolonizaziotik haratago, Ongi Bizitzean oinarritua, herri indigenen ikuskera propioa, lurra, emakumeen gorputza eta Naturaren babesa barneratzen dituena.

Enpresa transnazionalek planteatutako ustiapen eredu suntsitzaile eta neoliberal basatiaren aurrean, komunitateen eskubideen defentsarekin erabat arduratuta dago. Interamerikako Giza Eskubideen Erakunderaren (CIDH) aurrean, Guatemalako estatuaren kontra bideratutako salaketen bozeramaile nagusia da, baita enpresa transnazionalek egindako herri eta lur eskubideen urraketen salaketak bideratzen ere. Meatzaritza enpresen jardueraren ondorioz, emakumeengan sortutako gaitzen kontra burututako auzietan parte harte du. Lurraren defentsan burututako ekintzen ondorioz, gaur egun, jasandako estigmatizazio eta kriminalizazioa dela eta, arrisku egoeran dago, baita jazarpen eta mehatxu fisikoak pairatu ditu ere.

Rosalina Domínguez 

Consejo Indígena de Río Blanco – Consejo Cívico de Organizaciones Populares e Indígenas de Honduras (COPINH), Honduras

“Ibai, ur eta bizitzasunaren zaindaria. Lenca lurraldearen defentsan lehen lerroan borrokan dihardu. Gizakiok gure ekosistemaren alde egin beharko genukeen lana egunero erakusten digun emakume apal eta nekazaria.”

Rosalina Domínguez Río Blanco (Honduras) lenca herri indigenaren lur, lurralde eta ondare naturalen zaindaria da. Río Blanco Lenca Indigenen Kontseiluko mahaiburuordea da eta Gualcarque ibaiaren defentsan borrokan daramatza 10 urtez DESA (Empresa Desarrollos Energéticos) enpresaren aurka, bere lankidea zen Berta Cáceres erailketaren autore nagusiak. Emakume defendatzailea da, izan ere, <<biziaren defentsan lehen lerroan gaudelako, ura, lurra eta, nola ez, gure bizitza defendatzen dugulako>>.

Orain dela hilabete gutxi, irailaren 28an hain zuzen, bere buruaren kontra bideratutako eraso bat jaso zuen Río Blanco Komunitateko kideak laguntzen zituen bitartean. Eraso saiakera Vega del Cuatón deituriko lurraldean eman zen, DESA enpresak bereganatze saiaketen aurrean komunitateak berak berreskuratu zuena hain zuzen ere.

Benetako ondorio fisiko larriak izan ez bazituen ere, 2019. urteko apirilaz geroztik pairatzen ari dituen ekintzen gorakada arriskutsua suposatzen du honek (mehatxuak, beldurrarazteak edota erasoak). Jasandako ekintza guzti hauek ozenki salatuak izan diren arren, agintari eskudunek oraindik ez dute geldiarazteko inolako ahaleginik egin, Berta Cáceresek jasotako atentatuaren inpunitate egoera berbera oroitzapenera ekarriz.

Río Blancoko Kontseilu Indigena – Consejo Cívico de Organizaciones Populares e Indígenas de Honduras (COPINH), Honduras

COPINH erakundea 1993. urtean sortu zen, Honduraseko Lenca herri eta komunitate indigenen bizi egoeraren hobetzea eta eskubideen aitortze eta aldarrikatzea indartzeko helburu nagusiarekin. COPINH-ek bere lana antikapitalismoan, antripatriarkatuan eta arrazakeriaren kontra oinarritu izan du beti.

Marixela Ramos

Radio Victoria – Ades Santa Marta, El Salvador

“Marixela maitasun ibiltaria da. Aliatuak sorrarazteko ahalmena du; bere kemena, borroka grina, trebetasuna eta bere erresistentzia hautatutako bide luze honetan tinko jarraitzeko indarrez betetzen gaitu. Duen barne indarra eta poztasuna bere ahotsaren bitartez helarazteko gaitasuna duen komunikatzaile komunitarioa. Isilarazi nahi izan dituzten ahotsen zaindari sutsua dugu bera.”

Emakume nekazaria, komunikatzaile komunitarioa, gaur egun Radio Victoria zuzendaritza taldeko kide dena, ADES Santa Martak bultzatutako proiektua, eta Asociación de Radiodifusión Participativa de El Salvador (ARPAS) elkarteko zuzendaritza batzordeko mahaiburuordea da.Asociación de Desarrollo Económico Social Santa Marta (ADES) 1993. urtean sortutako elkartea da, Comité de Repobladores de Cabañas (CRC) elkarteak eginiko lana abiapuntu izanda. Santa Marta kantoitik aberriratutako komunitate eta bizilagunen beharrak asetzea zuen helburu nagusia, 1980. urtean emandako gatazka armatuaren ondorioz armadak bideratutako errepresio bortitzatik ihes egiteko Hondurasen babestu behar izan zirenak. Herri hezkuntza eredu baten sorreran oinarritzen dute euren lana, El Salvadorreko biztanleei hezkuntza, komunikazio eta ekonomia herrikoian oinarritutako prozesuak helarazteko helburuz. Horrela, genero erlazioen eraldatze bat sustatuz eta bizi baldintza eta eskubideen defentsaren indartzeak hobetuz. “El agua vale más que el oro” goiburupean, meatze transnazionalen aurkako gizarte mobilizazio prozesu bat bultzatu zen Cabañaseko departamenduan, ondoren, lurraren defentsan meatzaritza ustiapenen kontra borrokan zirauten kideei bideratutako indarkeri ekintza eta hilketetan bilakatu zirenak. Testuinguru honen baitan, irrati komunitarioek ezinbesteko papera jokatu zuten isilarazitako komunitateen ahotsa plazaratzeko unean. Erresistentzian 10 urte baino gehiago eman eta gero, 2017. urtean El Salvadorreko herrialde osoan meatzagintza metalikoa behin betirako debekatzea lortu zen, bioaniztasun eta baliabide naturalen zaintza dela eta.

Zuleyma Araúz

La Colectiva Feminista eta IM-Defensoras,  El Salvador

“Emakume zaindaria, lehiala, sentibera, argia eta samurtasun bizikoa. Emakumeok testuinguru ezberdinetan giza eskubideak defendatzeko burutu beharko genituzkeen zaintza lanak aurrera eramateko kontzientzia handiko pertsona, bai ikuspegi pertsonal, familiar zein kolektibotik abiatuta. Zintzoa eta paregabea da, ameslari sutsua eta indartsua, El Salvadorreko emakume guztien antzera.”

Zuleyma Araúz, El Salvadorren jaioa, Colectiva Feministan tokiko garapenerako prozesu psikoterapeutikoak bultzatzen ditu eta Eskola Feministako kide da, emakumeek euren eskubideak defendatzeko eta haien arteko elkartasuna bideratzeko hezitzea helburu nagusi duena.

Colectiva Feminista emakumeen autonomia sustatze eta indartzearen alde lanean ari den erakundea da. Testuinguru ezberdinetan emakumeen eskubideen bermatzearen aldeko prozesu kolektibo berrien eraikuntza sustatzen dute, emakumeek gizon eta haien artean inposatutako botere harremanak eraldatzeko duten ahalmena indartuz. Colectivak estamentu publiko, gizarte eta emakumeei bideratutako gertakariak aurrera eramateko topaketa eta elkartze guneen sorrerak bultzatzen ditu. Colectiva El Salvadorreko emakumeen sexu eta ugaltze eskubideen defentsan eta abortuaren despenalizazioaren aldeko lehian dabilen punta puntako erakundea ere bada. 

Colectiva Feminista Mesoamerikako Giza Eskubideen Emakume Defendatzaile (IM Defensoras) herri ekimenaren parte da, 2010. urteaz geroztik Mesoamerikako emakume defendatzaileen giza eskubideen kontra zabaldutako indarkeriaren zergatiak eta behin betiko amaiera emateko lanean dirauen sarea. Gaur egun, IM Defensoras ekimenak erakunde eta mugimendu sozial desberdinetan parte hartzen duten emakume defendatzaileen lana indartzea eta batzean datza, haien arteko elkartasun eta babes sareak bultzatuz, giza eskubideen alde eginiko aurrera pausuak indartu eta ikusarazi daitezen.

Maria Olga Coronado

Mam te Txe Chman kontseilua, San Marcos

Emilia Larrondo

Mujeres del Mundo Babel

Mexikon jaioa izan arren, bere burua hegoalde globaltzat aldarrikatzen du, inposatutako orden sozialaren kanpoaldean dauden horietarikoa. Katuak eta kafea maite dituen militante tropikala.

Soziologian graduatua, ekonomia ikasketetatik kanporatua izan eta gero, Deustuko Unibertsitatean Gizartea eratzeko Etika masterra ikasteko beka bat lortu zuen 2017. urtean. Bilbora heltzean, erabat harrituta geratu zen Espainia osatzen duten identitate aniztasun ezberdina ezagutzean. Hortik aurrera, Mujeres del Mundo Babel elkartera hurbildu eta kide aktibo bilakatu zen, zaintza, migratutako emakumeak eta erantzunkisun soziala bezalako gaien inguruko griña piztuz eta bere tesiko oinarri nagusi ere bilakatuz.

Bizitza eta bizitasunaren babeslea, zaintzeen zaindaria, urteetan zehar Euskal Herriko etxeko langileei ukatuak izan zaizkionak.

Mujeres del Mundo Babel

Mujeres del Mundo Babel Bizkaiko hainbat emakume eta auzokidez osatutako kolektiboa da, kide feminista internazionalistak, kultura eta kontinente ezberdinetatik etorriak.